Renfek kontakturik gabeko “+Renfe&tú” txartela jarriko du zerbitzuan Donostia Aldirien Nukleoan datorren astelehenetik aurrera, urtarrilak 13. Renfe Aldirietako garraio aukeretarako euskarri berri bat da, eta, honi esker, trenera iristeko sarbidea azkarragoa eta malguagoa izango da, nasara sartu edo bertatik ateratzeko balioztatzea azkarrago egiteko aukera emango duelako. Horrez gain, bidaiariari erosotasun eta fidagarritasun handiagoa eskainiko dizkio; izan ere, txartela berriz kargatu daiteke, eta galduz gero beste bat lor daiteke.

Kontakturik gabe “+Renfe&tú” txartelak pixkanaka eta modu mailakatuan ordeztuko ditu gaur egungo paperezko euskarriak, banda magnetikoa dutenak.

Bi modalitateko txartelak

“+Renfe&tú” txartelen artean bi modalitate eskainiko dira, hain zuzen ere, txartel pertsonalizatua eta pertsonalizatu gabea; txartelak ez dira iraungiko eta berriz kargatu ahalko dira leihatilan zein salmentarako makinetan.

Txartel pertsonalizatua plastikozkoa eta izenduna izango da; titularraren izena eta argazkia izango ditu, baita bidaiariaren kodearen zenbakia ere. Kreditu txartel baten antza izango du; banda magnetikoa izan beharrean, sarbide kontrolak igarotzea errazten duen txip elektroniko bat edukiko du.

Tarjeta R&T IreneModalitate honi esker Donostia ingurunean indarrean dauden garraio aukera guztiak kargatu daitezke: tiket arrunta, joan-etorrikoa, hilabeteko abonamendua eta hileko abonamendu mugagabea, baita deskontu bereziak dituztenen aukerak ere, besteak beste, familia ugariak eta Dorada txartela dutenak.

Txartela erosten duten bezeroek bi tiket arrunt doan lortuko dituzte.

Renfek “+Renfe&tú” txartel berriaren modalitate pertsonalizatua (argazkiduna) eskuratzeko promozio berezia dakar Gipuzkoan. Hala, 2 euroko kostua izango duen txartela lehen aldiz eskuratzen duten bezeroek doako bi bidaia arrunt lortuko dituzte, 30 eguneko buruan erabiltzeko.

Bi aukera egongo dira eskatzeko:

  • Irun eta Donostiako geltokietan horretarako prestatutako leihatilara jotzea, NANa eta deskontuen onuraduna izatea egiaztatzen duen dokumentazioa entregatzeko. Bezeroak bere izenean egongo den txartela une horretan bertan jasoko du.
  • “Eskabide” bat eskatzea leihatilan edo renfe.com webgunean, eskabidea betetzea eta langileak dituen edozein geltokitan entregatzea. Eskatutako geltokian jaso ahalko da txartela.

Kontakturik gabeko txartel pertsonalizatu berri honekin deskontu bereziak dituzten erabiltzaileek ez dute lagundutako salmentara jo beharko garraio tiketa lortzeko. Txartela kargatu behar dutenean, leihatilan zein salmenta makinetan zuzenean aitortuko zaie bertan txertatutako deskontuak aplikatzeko eskubidea daukatela.

Deskontu bereziak dituztenek (familia ugariek, Dorada txartela dutenek, etab.) garraio aukerak txartel pertsonalizatuan kargatu ahalko dituzte lagundutako salmentara jo gabe.

Modalitate pertsonalizatu honen abantailen artean aipatu behar da, halaber, txartela galdu, lapurtu edo bistatik galduz gero beste txartel bat lor daitekeela, baita oraindik lortzeke dauden garraio tiketak berreskuratzeko aukera ere.

Bestalde, txartel ez pertsonalizatuan garraio tiket ez pertsonalizatuen artean edozein karga daiteke (tiket arrunta edo joan-etorrikoa). Txartel modalitate hau berrerabilgarria da eta kargatu daiteke, eta Aldirietako geltokietan zein salmenta makinetan eros daiteke. 0,50 euroko kostua dauka.

Renferen konpromisoa ingurumenarekin

Aldirietako geltokien arkitektura teknologikoki modernizatze aldera Renfek egin duen apustuari zor zaio egitasmo hau, eta, honi esker, batetik, zerbitzua hobeto kudeatu ahalko da eta, bestetik, bidaiariei abantaila berriak eskainiko zaizkie geltokietatik igarotzean.

Horrez gain, Renfek ingurumena zaintzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da, banda magnetikoa daukaten kartoizko txartelak erabiltzea baztertuz. Ingurumena errespetatzea Renferen funtsezko betebeharra da, eta horren jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuekin erkatuta bereizteko eta lehiatzeko elementu bat ere bada.

Horregatik, konpainia sortu zenetik, jasangarritasuna oso presente egon da plan estrategikoetan funtsezko helburu modura.