Renfek trenetan egindako grafitien arazoaren aurkako sentsibilizazio sozialerako ekintzen etapa berriari ekingo dio, eta abenduaren 13tik 18ra Bilbao-Abandoko Adif geltokiaren atarian “obrarik garestiena” jarriko du ikusgai: grafitiz estalitako tren bateko atea.

Ate hori otsailean egon zen dagoeneko ikusgai, Arte Garaikideko ARCO 2019 Azokan eta eta hainbat publizitate sari lortu ditu, arazo honen kontzientziazio lanean oso eraginkorra delako.

Grafiti egileen jardunak duen garrantzia sozial eta ekonomikoaren berri ematea da ekimen honen helburua, grafiti egileek haien, bidaiarien zein Renfeko langileen segurtasuna jartzen baitute arriskuan, eta urtero kostu ekonomiko nabarmena ere eragiten dute.

Renferen kalkuluen arabera, trenetan grafitiak garbitzeko kostua iaz 15 milioi eurokoa izan zen, kontuan hartu gabe geltokietan zaintza eta segurtasuna areagotzeko egindako gastuak, horrelako bandalismo ekintzak saihesteko. Kostu horien ondorioz faktura 25 milioi euroko kopurura iritsiko litzateke urtean, eta horiekin aldirietako hiru tren berri erosi ahalko lirateke urtero, edo Ave berri bat bi urterik behin.

Euskadin grafiti egileek egindako 119 ekintzek 462.000 eurotik gorako kostua eragin dute.

Grafiti egileen bandek gehien erabilitako metodoetako bat trenetako alarma gailua behar ez denean piztean datza, trena martxan dagoenean; horren ondorioz, trena larrialdi modura gelditzen da, kasuan kasuko traba eta atzerapenekin.

Segurtasun Zuzendaritzatik, Renfek segurtasun kidego eta indarrekin kolaboratzen du informazioa emanez eta grafiti egileak identifikatzen lagunduz. Askotan, enpresako zaintza langileen jarduketei esker grafiti egileak atxilotu ahal izan dira, margotzen ari zirela bete-betean harrapatzean, aginte eskudunaren aurrean salaketa jarriz (Ertzaintza eta tokian tokiko udaltzaingoak). Kalteak baloratzeko Renferen teknikariaren figura eta aditu gisa izaten duen parte hartzea ere funtsezkoak dira epaiketetan, froga gisa.

Grafiti kopuruak behera egin du 2019an

Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan Espainian Renfeko trenetan egin diren grafiti ekintzen kopuruak behera egin du 2.460ra arte (egunero 9, batez beste); horrek esan nahi du 2018ko aldi berdinarekin erkatuta %10eko beherakada egon dela.

Euskadiri dagokionez, urtarriletik irailera arte egindako grafiti kopurua 119koa izan da.  Gertaera horiek 462.000 euroko gastua eragin diote Renferi, trenak garbitu, pintatu, ura, disolbagarriak, tailerrera eraman edo langileak mugiarazteko gastuen ondorioz, besteak beste.

ARCOko artelanik garestiena abenduaren 13tik 18ra egongo da ikusgai Bilbao-Abandoko Adifeko geltokian. Ondoren, abendu eta urtarrilean, Santander, Madril eta Sevillako geltokietan jarriko da ikusgai.